Zer ikasi beti izan dut argi. Hasieran Magisteritzako ikasketak, Heziketa Berezia, Donostiako unibertsitatean burutu nituen (2003an). Bukatzean argi sentitu nuen, nahi nuena hilurren zeuden umeekin lan egitea zela, beraz, Terapia okupazionaleko* ikasketetan murgildu nintzen Bartzelonan. Ikasketek alor horretan ez ninduten asetu. Osasun mentaleko graduondokoa egin nuen eta nire ikasketen azken lana “Terapia okupazionala Zaintza Aringarrietan” izan zen 2007an. Nire lehen urratsak egiten, oso gutxi ikertutako eremuan.
Gehiago ikasteko gosez, Ingalaterrara joan nintzen bizitzera. Bertan, Kadampa meditazioetan gehiago sakondu nuen eta “hospice” batean (gaixo terminalak zaintzeko etxean) lan egin nuen.
Handik zazpi urteetara, hainbat esperientzia aberats jasota, Euskal Herrira itzuli eta neuroerrehabilitazio eremura eraman ninduen bizitzak, gorputz fisikoaren biomekanika ikasteko hainbat ikasketa burutu nituen (Bobath kontzeptua, Kinesthetics, Terapias intensivas etab) eta ZAINDUZ zentroa sortu genuen Ruben eta biok.
Gero umea izan genuen. Erditzearen eta jaiotzaren trantsizioa, etxeko intimitatean emagin baten akonpainamenduarekin izan nuen eta esperientzia ederra eta sakona izan zen. Berriro piztu arazi zidan nire bihotzeko betiko sena; heriotzaren atarian daudenekin lan egitea. Handik gutxira Heriotza Emagin zoragarri bat ezagutu nuen (Olivia Bareham, Sacred Crossings Institutua) eta bere gidapean prestakuntza osoa egin nuen arte sakratu honetan; Heriotza Doula eta Heriotza Emagin bezala formatuz.
Nire lanean, bai neuroerrehabilitazioako saioetan edo eta baita ere ABDko tailer eta heriotza emagineko beste saioetan, urteetan zehar ikasitako terapia desberdinak erabiltzen ditut (masaje terapeutikoa, luzaketak arnasketekin, erlajazioa, muskuluak tonifikatzeko ariketak, etab), baina batez ere bihotzez lan egiten saiatzen naiz, pertsonaren nahi eta beharrak ondo entzuten eta horren arabera ahal dudanik eta hobekien laguntzen, akonpainatzen eta gidatzen.
*Terapia okupazionala, osasuna eta ongizatea sustatzen dituen diziplina sozio-sanitarioa da. Lantzen diren alorrak: eguneroko aktibitateak eta autonomia, harreman sozialak, norbere autoestimua. Eguneroko jardueren funtzioa eta parte-hartzea hobetzeko gaitasunak lortzera bideratuta dago.